Bisita ezazu Youtuben | Castellano | Euskara |
  • Home
  • • Hemen zaude »
  • Guitrancourt-eko hitzaurrea

Guitrancourt-eko hitzaurrea

Jacques-Alain Miller - 1988ko Abuztuaren 15a.


Munduan ez da inon Psikoanalisiaren Diplomarik existitzen. Eta hori ez da kasualitate hutsagatik edota oharkabetasunagatik, psikoanalisiaren muinari datxezkion arrazoiengatik baizik.

Ez da batere argi ikusten zein izan litekeen psikoanalista egiaztatuko lukeen gaitasun-froga, kontuan izanik jarduera psikoanalitikoa esparru pribatuari dagokiola, zeina pazienteak bere barne-barneko gogoetaz analistari egiten dion ezkutuko konfidentzia baita.

Demagun analistak eragiketa batekin erantzuten diola, interpretazioarekin, alegia, inkontzientea deritzanari buruzkoa, hain zuzen ere. Izan al liteke eragiketa hori egiaztatze-frogaren edukia? –aintzat harturik interpretazioa ez dela psikoanalisiaren bakarraren ondarea, edozein testu-, agiri- edo inskripzio-kritikak ere hura erabiltzen baitu. Hala ere, Freudiar inkontzientea aipatu dudan hitzezko erlazioan soilik ezartzen da, ezin da homologatu erlazio horrezaz kanpo, eta interpretazio psikoanalitikoak ez du berez ezer frogatutzat ematen, ez bada interpretazioa jaso duenarengan eta erlazio horren baitako testuinguruan eragiten dituen ondorio aurreikus ezinengatik. Kale itsu batera garamatza honek.

Gauzak honela, analisi-egilea dateke (analysant) analistaren gaitasunaren lekukotasuna emateko onartu beharko litzatekeen bakarra, baldin eta bere testigantza faltsututa ez balego transferentziaren efektuagatik, zeina aise ezartzen baita hasieratik. Horrek guztiak aditzera ematen du lekukotasun onargarri bakarra, hau da, egindako lanaren inguruko segurtasuna eman lezakeen bakarra, transferentzia ondoren analisi-egile batena litzatekeela, beti ere hark psikoanalisiaren alde lan egin nahiko balu.

Analisi-egilearen testigantza izendatzen dudan hau psikoanalisiaren irakaspenaren nukleoa da, kontuan harturik testigantza horrek galdera bati erantzuten diola, alegia funtsean pribatua den esperientzia batetik zer ote den jende aurrean transmititu daitekeena.

Lacan-ek testigantza hori ezarri zuen, Igarotzea izendatuz 1967. urtean; irakaspen horren ideala eman zuen ere, mathema*, alegia (1974). Batetik bestera mailaketa oso bat dago: lekukoa ematearen testigantza -oraindik subjektuaren partikulartasunaren zama duena- zirkulu murritz batera mugatua dago, talde analitikoaren barnean kokatzen dena; mathemaren irakaspena, demostragarria izan behar duena, guztientzako da – eta Psikoanalisiak puntu horretan egiten du topo Unibertsitatearekin. Esperientzia horrek duela hamalau urtetatik dirau Frantzian; orain dela lau urte Espainian ezagutzera eman zen FEMen bitartez; datorren urtarriletik aurrera Atal Kliniko deritzan era hartuko du.


Irakaskuntza hori zer den eta zer ez den oso argi utzi behar dut.


- Unibertsitarioa da, sistematikoa eta mailaz-mailakoa; arduradun kualifikatuek irakatsia; diplomen bidez egiaztatua.

- Ez du psikoanalisiaren jarduera profesionalerako gaitasunik egiaztatzen. Freud-ek adierazitako inperatiboak ezarri zuen bere analisi propioa egin behar duela analistak. Lacan-ek arau hori berretsi ez ezik, gogortu ere egin zuen, analisiaren berezko xedea analista bat sortzea zioen tesiaren bitartez. Etika horren urraketa garesti ordaintzen da, eta kasu guztietan urraketa egiten duenak ordaintzen du.

- Parisen, Bruselan zein Bartzelonan, modu publikoan zein pribatuan, irakaspen honek orientazio lacaniarra dauka.

Irakaspen hau jasotzen dutenak parte-hartzaile izendatuko dira: “Parte-hartzaile”, “ikasle” baino hitz zuzenagoa da, eskatuko zaien ekimen maila altua azpimarratzen baitu. Bete beharko duten lana ez zaie bortxaz eginaraziko: euren esku dago, gidatua eta ebaluatua izango da.

Ez dago paradoxarik planteatzerakoan eskakizun zorrotzenak aurrekaririk gabeko Eremu Freudiarren irakaspen funtzioan jartzen direnentzat direla: ezen jakintzak bere autoritatea koherentziatik hartzen baldin badu ere, inkontzientean soilik aurkituko du bere egia, hau da, “nik badakit” esateko inor ez dagoen jakintza batetik. Hots, irakaskuntza bat ezin dela eskaini lanketa original batean oinarriturik ez bada, apalena izanik ere.

Hasi gara, bai Belgikan bai Espainian, Irakaspen horren arlo klinikoa abiapuntutzat hartuta.

Klinika ez da zientzia bat, hots, ez da erabat frogatzen den jakintza. Jakintza enpiriko bat da, ideien historiatik bereiz ezina. Irakasterakoan, ez gaude psikiatriaren ahuleziak osatzen, soilik - kimikaren aurrerapenak bultzatuta gehiegitan alboratua utzarazitako haren altxor klasikoa osatzen -;ziurtasun elementu bat ere sarrarazten ari gara (histeriaren matema).

Etorkizunean, Pazienteen aurkezpenek tinkatuko dute gerora irakaspen hori. Aurrerago gehituko da Frantzian “Études Approfondies” esparrua deiturikoa, Doktoradutza-tesi baten idazketa baliabidetzat hartuta. Lacanen zuzendaritza pean behiala izan zenaren arabera, urratsez urrats joango gara.

* Grekerazko mathematik, irakasten dena.

Miller
Jacques-Alain Miller
1988ko Abuztuaren 15a